
Busturialdeko zilarrezko trainerua
Arrauna Busturialdeko trainerua domekan izango da lehenengo aldiz KPE Ligako lehenengo taldean, Portugaleteko XXVI. Banderan.
MIReN KORTA
Patxi Egurrola Egoin-Busturialdea-Transrapid klubeko presidenteak argi dauka Elantxobeko arraun taldearen izaera xumea: «gure klubaren filosofian ez dugu `fitxaketa´ hitza onartzen». Hala ere, aurten, Busturialdeko trainerua KPE Ligako lehenengo taldean ariko da, zilarrezko mailako punta-puntako traineruekin lehian, hain zuzen ere.
Elantxobeko traineruak bi urte daramatza zaleen itxaropenak soberan betetzen. Busturialdeko mutilek 2006an KPE Ligara igotzea lortu zuten eta, aurten, txapelketaren lehenengo taldean finkatzeko aukera izango dute. «Aurten daukagun helburua, printzipioz, mailari eustea da. Ametsak amets, azken sailkapenean lehenbiziko hamabi traineruen artean kokatzea benetan pozteko moduko emaitza izango litzateke». Baikor agertzeko arrazoiak izan arren, zilarrezko mailaren lehiakortasunak kezkatzen du Egurrola elantxobetarra. «Gurean ere dirutzak mugitzen dira. Jakin badakigu KPE Ligako klubek fitxaketa asko egin dituztela, baina hori ez da Elantxobeko taldearen jokabidea. Gu betiko martxan gabiltza eta ez dugu arrauna negozio modura ikusten».
Fitxaketarik ez, errefortzuak
Busturialdeko traineruak aurrekontu mugatua dauka eta taldea ez da fitxaketa merkatuan lehiatzen. «Eskualdeko gazteak gurera datoz arrauna praktikatzera eta askok ez daukate ezta esperientziarik ere. Adibidez, zapatuan, Mundakako Ikurrinan, baten batzuk lehenengoz lehiatu ziren traineru batean», gaineratu du Egurrolak.
KPE Liga domekan hasiko da Portugaleten, eta abuztuaren 24an bukatuko da Hondarribian jokatuko den promoziorako estropadagaz. Arduradunek jakinarazi dutenez, Fernando Zugasti ariko da entrenatzaile lanetan. Uztailaren 6an, ordea, traineruak Elantxoben izango dira, 12:00etan hasiko den proban.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.